XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6.1. SARRERA

Tenplatu ondoren, altzairuari iraoketa-tratamendu termikoa aplikatzen zaio.

Karbono-kantitate ertaineko ala handiko altzairuetan, martensita oso gogorra eta erresistentzia handiko fasea da, baina zoritxarrez, oso hauskorra ere bai.

Ondorioz, elastikotasun-muga baino tentsio txikiagoak batzuetan nahikoa izaten dira tamaina txikiko akatsen hedapen ezegonkorra izateko, piezan haustura hauskorra sortuz.

Zailtasuna hobetzeko, nahiz eta erresistentzia eta gogortasuna galdu, egitura martensitikoak termikoki tratatzen dira 150 + 700ampdeg;C bitartean.

Beraz, tratamendu hau azpikritikoa da eta bere iraupena 30 minutu eta bi ordu bitartekoa izaten da.

Tratamendu honi iraoketa deritzo eta nahiz eta enpirikoki aspalditik erabili, bere ezaugarriak mikroegituraren ikuspuntutik duela denbora gutxi arte ez dira ezagutu.

Hori transmisiozko mikroskopia elektronikoaren erabilpenari esker lortu da.

5. kapituluan adierazi zenez, tenplatu ondoren altzairuan azaltzen den osagai nagusia martensita da.

Martensita, ferritako karbonoaren disoluzio gainsaturatua da eta bere barnean akats-dentsitate handia dago (dislokazioak eta maklak).

Batzuetan martensitaz gain, mikroegituran ere austenita izaten da.

Mikroegituraren ikuspuntutik, iraoketaren tratamenduan zehar honako fase desberdinak azaltzen dira: martensita tetragonaleko karbono-irteera karburoen prezipitazioa eraginez, hondar-austenitaren deskonposizioa, akatsak berriztatzea eta, tenperatura altuak direnean, birkristaltze-mekanismoa.

6.2. IRAOKETA-FASEAK

3. kapituluan esan zenez, karbono gutxiko altzairuen kasuan martensitak dislokazio-dentsitate handiko (~10 16 m-2) listoiez osatutako mikroegitura erakusten du.

Altzairua karbono-kantitate handikoa denean, egitura martensitikoan maklak azaltzen dira.

Altzairu gehienetan Ms-ren balioa giro-tenperaturaren gainetik egon denez, karbonoaren difusioa nahikoa izaten da energia txikiko puntuetan (dislokazio ala hutsuneetan adibidez) elementu horren segregazioa izateko (mekanismo hauek erresistibitate elektrikoaren aldaketen bidez aztertzen dira [6.1]).

Ms-ren balioa giro-tenperaturaren gainetik baldin badago, karburoak sor daitezke.

Gertaera honi autoiraoketa deritzo.